Ameriketako Astronomia Erakundearen Washingtongo bilkuran jakinarazi dutenez, NASAren Kepler teleskopioak bere lehenengo bost exoplanetak aurkitu ditu --Lurraren antzeko ezaugarriak dituzten planetak aurkitzea da Kepler-en helburua--.
Txikienak Neptunoren tamaina du, eta handiena, berriz, Jupiter --eguzki-sistemako planetarik handiena-- baino handiagoa da. Teleskopioak izarren distirak neurtuz aurkitu ditu exoplaneta horiek. Izan ere, planetak izarren aurretik igarotzen direnean, izarrek igortzen duten argiaren zati bat nolabait eten egiten da, eta, horren ondorioz, haren distira murriztu egiten da, planeta igaro artean.