Kartilago-ehunak. Osagaiak: gantz-zelulak, esteroideak...

Duke Unibertsitateko Osasun Zentroko ikertzaileek gizakien gantz-zeluletatik abiatuta kartilago-ehunak sortzea lortu dute. Orain arte, kartilago-zelulak hezur-muineko laginetatik ateratzen ziren. Baina ebakuntza hori oso mingarria da eta, gainera, ez dira zelula asko lortzen. Gantz-zelulak, ostera, oso ugariak dira eta erraz atera daitezke liposukzio arruntaren bidez. Esperimentua egiteko, gantz-zelulei hainbat esteroide eta hazkunde-faktore gehitu zizkieten.

Ondorioz, gantz-zelulak kondrozito bihurtu ziren, hau da, kartilagoko zelulak. Gainera, zelulak hiru dimentsioko matraze batean haz daitezkeenez, lortutako gantz-ehunari molde bat aplika dakioke, forma egokia emateko. Ondoren, ehuna gorputzean ezartzea besterik ez da. Hala ere, zientzialariek uste dute hiru eta bost urte bitartean igaroko direla metodo hori erabiltzen hasi aurretik, oraindik proba asko egin behar baitira. Hortaz, zaindu zure kartilagoak!

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila