Kantaurikoko makroalgak Mediterraneokoen gero eta antzekoagoak direla frogatu dute

kantaurikoko-makroalgak-mediterraneokoen-gero-eta-
Klima-aldaketaren ondorioz, itsas algen banaketa eraldatuko dela iragarri dute ikertzaileek. Arg. EHU
Klima-aldaketak espezieen banaketan izan duen eragina sarri ikertu da, baina komunitate-ikuspegia gutxi aztertu da oraindik. Orain, EHUk egindako ikerketa batek frogatu du Kantaurikoko itsas algen banaketa eraldatzen ari dela. Are gehiago, ikusi dute uraren tenperatura dela makroalga-multzoak banatzeko faktore nagusia; mantenugaien eskuragarritasuna, berriz, bigarren mailako faktorea da.
 
Naiara Mugerza Latorre da lanaren lehen sinatzailea, eta, azaldu duenez, landu duten eszenatoki ezkorrenean, ipar-mendebaldeko komunitateak (Galizia) gainerakoetatik desberdinak izaten jarraituko dute, eta ur hotzenetako espezieak babestuko dituzte. Iberiar Penintsulako iparraldeko kostaldeko erdiguneko eta ekialdeko multzoak, berriz, Mediterraneoko eskualdeen antz handiagoa izango dute ipar-mendebaldeko kostaldekoena baino. Hau da, ur epeletako espezieak gailenduko dira.
 
Ikertzaileen esanean, kostako ekosistemaren biodibertsitatea ingurumen-baldintza berriei nola erantzungo dien aurresaten lagun dezake ikerketak; beraz, informazio baliotsua da kudeaketa- eta kontserbazio-politika egokiak garatzeko. Hala ere, uste dute interesgarria izango litzatekeela azterketa-eremua Iberiar penintsulako mendebaldeko kostaldera zabaltzea, eta Mediterraneoko laginketa-lekuak handitzea. Marine Environmental Research aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila