Jupiterreko ekaitzak

Estatu Batuetako Cornell Unibertsitateko zientzialari- eta astronomo-talde batek Jupiterreko ekaitz atmosferikoen eta Lurreko ekaitzen arteko berdintasunak aztertu ditu. Emaitzen arabera, Jupiterreko ekaitzak Lurreko zenbait ekaitzen antzera portatzen dira, nahiz eta hangoak eta hemengoak bestelako arrazoiengatik sortu diren.

Estatu Batuetako lautadetan izaten diren ekaitz handienak udan gertatzen dira, beroaren ondorioz. Lurrazala asko berotzen denean airearen eta lurrazalaren arteko tenperatura-diferentziak aireko lurruna kondentsatu egiten du, sekulako hodeiak sortzen direlarik. Hodei horiek euri-jasa handiak sortzen dituzte, eta elkarrekin talka egiten dutenean ekaitz handiak sortzen dira. Jupiterreko atmosferan etengabe izaten diren ekaitz erraldoietan antzeko zerbait gertatzen da.

Kasu honetan, ordea, planetaren nukleoak askatzen duen beroak sortzen du kondentsazioa, eta horrela, ezagutzen diren ekaitzik beldurgarrienak sortzen dira. Hodeiek 30 kilometro baino gehiagoko altuera lortzen dute, haizearen abiadura 100 km/h baino handiagoa da eta tximista izugarriak izaten dira.

Horrelako ekaitzak begi-bistaz ikus daitezke Jupiterreko atmosferan, batzuk Lurra bezain handiak baitira. Horietakoa da Jupiterren Orban Gorri ezaguna.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila