EHUko Donostiako Kimika Fakultatean bada “Materialen Fisika” deitutako departamentua. Bestelako ikerketa-talde txikiez gain, bi talde nagusik egiten dute lan. Bata, materia kondentsatua ikuspuntu teorikotik aztertzen duena, Pedro Etxenike irakasleak zuzentzen du.
Besteak, berriz, polimeroen propietate fisikoak aztertzen ditu eta honen buru da, hain zuzen, Juan Colmenero irakaslea, azken Munibe sariduna. Dagoeneko, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak urtero ematen duen sari hau bi talde horietako zuzendariek jaso dute. Bestalde, Jesus Mari Ugaldek sari bera jaso duten zentro bereko ikerlarien zerrenda osatzen du.
Colmeneroren iritziz, bestelako kalitate-frogek ez ezik, honek ere adierazten du “fakultate hau bai EHU bai Euskal Herri mailan liderra dela” ikerkuntzaren arloan. Horretarako, Fakultatearen espezializazioa izan da gakoetako bat, ez dagoelako Euskal Autonomia Erkidegoan ezta Espainian ere polimeroen gaian espezializatua den besterik. Polimeroek, kate luzeak osa ditzaketen molekula horiek, egungo teknologien eta oinarrizko zientzian garrantzi handia hartu dute. Etortzear dauden ikasketa-plan berrietan espezifikotasun hori ez ote den galduko beldur da Colmenero.
Bere ikerketa-taldekoek bereziki polimero ez-kristalinoak aztertzen dituzte, hau da, kate molekularrak ordenatuak ez dituzten polimeroak. “Polimero gehienak dira ez-kristalinoak” dio Colmenerok “bakar batzuk daude nolabaiteko kristalino-maila dutenak eta oso gutxik dituzte kateak erabat ordenatuta”. Material batek molekulak ordenatuak edukitzeak molekula horiek ezin mugitzea dakar. Aitzitik, material ez-kristalinoen molekulek mugitzeko eta, beraz, talka-energia zurgatzeko ahalmen handia daukate. Horregatik solido ez-kristalinoak malguagoak dira eta, oro har, teknologiak eskatzen dituen propietate mekanikoak hobeto betetzen dituzte.
Kimika Fakultatean polimeroen arloan aritzen den kimikari asko dago, bai sintesi kimikoan, bai karakterizazioan, bai propietate kimikoen azterketan, eta abarretan. Dena den, Colmenerok hainbat arlotako adituak elkarlanean jartzen dituzten proiektu orokorren falta nabari du. “Gure taldeak harreman estuak ditu Alemaniako edota Madrileko taldeekin” aitortzen du. “Baina, dena den, elkarrekin lanean hastea da kontua.”
Gaur egun Juan Colmeneroren zereginetako bat Donostia International Physic Center Fundazioa da.
Pedro Etxenikek proposatuta jaio zen, bi fisikarien artean aurrera ateratzen ari dena. Triesteko eskolan (Italian) garatu zen ideia baten moldaketa izatea nahi dute. Helburu nagusia Euskal Herriko zientziaren “nazioartekotzea” da, Gipuzkoakoa eta Donostiakoa bereziki.
Horrek kanpoko ikerketa-taldeekiko harremanen ateak gehiago irekitzea eskatzen du. Asmo horren barruan eliteko zientzialarien egonaldi laburrak finantzatzen saiatuko da, hemengo taldeekiko lankidetza eta proiektu berriak sor daitezen. Bestalde, elitekoak ez diren baina maila altua duten beste ikerlarien egonaldi luzeagoak sustatzea, urtebete edo bi urtekoak, alegia. Maila apalagoan, hemengo jendeari kanpora joateko laguntzak ere eskaini nahi dizkiote; “maila apalagoan” horretarako laguntzak beste iturri batzuetatik ere jaso daitezkeelako. Azkenik, beste helburu garrantzitsua workshop espezializatuak antolatzea da, batez ere, interes handiko edo ikertu nahi diren gaietan adituak diren zientzialariak ekar ditzaketenak, hainbat arlotako zientzialariak saiatzeko. Workshop-ek kongresuen aldean daukaten abantaila da hamabost eta hogei pertsonak bakarrik parte hartzen dutela eta horrek gaiak eztabaidatzeko aukera handiagoa ematen duela. Bestalde, “amets egiten dugunok Fundazioa etorkizunean euskal zientziaren institutu bilakatzea nahiko genuke” esan digu Colmenerok.
Institutua sortzeko behar diren bideratze-lanak gainditu ziren uztailean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak laguntza eman die eskola izandako edifizio bat birmoldatzeko. Beraz, Donostiako kanpusean bertan kokatuko da egoitza.
Colmeneroren iritziz, Unibertsitatea Fundazioaren kidea denez, horren abantaila da egoitza Unibertsitateko munduaren barruan lan egiteko aukera izango duela, bertako liburutegiak, sare informatikoa, eta abar erabiliko dituela.