Jet erraldoiak ezagutzen diren deskarga elektrikorik handienak dira: baita 90 km-ko altueraraino irits daitezkeen tximistak, alegia ionosferaraino. Hodeietan hasten dira, goraka doan tximista indartsu baten moduan, eta haien bereizgarri den itxura sortzen dute: beheko alde estu eta urdinxka, eta goialde gorrizta oso adarkatua. Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko ikertzaileek lehenengo aldiz prozesu osoa argazkitan jasotzea lortu dute, abiadura handiko kamerak erabilita: segundoko 5.000 argazki hartzen dituen kamera.
Kolonbian hartu dituzte argazkiak, tropikoetan bakarrik gertatzen baita fenomeno hau. Urratsez urrats jet erraldoia nola sortzen den ikusten da irudiotan, hasierako lehen argitik hasi eta ionosferaraino iristen den arte. Ikertzaileen ustez, irudiok atmosferako fenomeno elektrikoak eta geruza atmosferikoen arteko akoplamendua hobeto ulertzen lagunduko dute.
Elhuyarrek garatutako teknologia