Jalkietako kedar-geruza

Duela 65 milioi urtetako jalkietan aurkitutako kedar-geruza, meteorito baten inpaktoak sortutako sute global basati baten ondorio izan daiteke Chicagoko unibertsitateko zenbait kimikariren ustetan. Sute masibo horiek "negu nuklearra" sortu bide zuten eta dinosaurio eta beste bizidun askoren hondamendiaren errudun izan zitezkeen.

Ikerlariak, Wendy Wolbach, Roy Lewis eta Edward Anders, Danimarka, Espainia eta Zeelanda Berrian dauden karbono-jalkiak aztertuz iritsi dira ondorio horretara.

Zientzilarion hitzetan "Kedar-kantitate itzelak bi adierazpide izan dezakete: Lurraren landarediaren zati handi bat erre egin zen ala erregai-fosil asko erre ziren.

Lehen hipotesia litzateke zuzena zientzilarion ustetan. Meteoritoa, Lurraren azala jotzean, erabat hauts bihur zatekeen. Suteek sortutako keak eta haustutako meteoritoak hauts-geruza batez estali bide zuten Lurra. Eguzkitiko argia ez zen Lurrazalera osotasunean iritsiko eta landareek ez zuten nahikoa argitasuna izango fotosintesiari ekiteko. Landareak, hein handi batean hil egingo ziren; Ondoren, hauetaz elikatzen diren animaliak...

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila