Izugarrizko helio-izarren sorrera argitu da

Izugarrizko helio-izarrak (extreme helium stars) nola sortzen diren argitu nahian dabiltza aspaldian zientzialariak. Hidrogenozkoak dira ezagutzen diren izar gehienak, Eguzkia barne. Heliozko izarrak, berriz, oso arraroak dira eta inork ez daki nola sortu diren.

Japoniako Tohoku Unibertsitateko astronomoek, Ipar Irlandako Armagh-eko astronomia-behatokiarekin elkarlanean, heliozko izarren sorrera azal dezakeen eredu teorikoa osatu dute.

Ordenagailuz egindako simulazioei esker, aurretik plazaratutako teoria baieztatu egin da. Simulazioek erakutsi dutenez, izugarrizko helio-izarra heliozko eta karbono oxigenozko nano zurien arteko elkarketaren ondorio da. Bat egin ostean erraldoi horia sortzen da, kanpoko geruzak heliozkoak dituen izarra. Gero uzkurtu eta berotzen hasten da. Beroketa behatu diren lau helio-izarretan ikusi ahal izan da, eta beraz, teoria hori egia dela uste dute zientzialariek.

Esne-bidea eta antzeko galaxietan horrelako elkarketak maiz samar gertatzen direla dakiten arren, astronomoek oraindik ezin izan dute aipatutako elkarketarik zuzenean behatu. Are gehiago, nano zurien elkarketa batek zer itxura izango lukeen ere ez dute batere argi.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila