Zostera noltii leheneratzeko EAEko leku egokienak zein diren aztertzen ari da AZTI-Tecnalia

Zostera noltii leheneratzeko EAEko leku egokienak zein diren aztertzen ari da AZTI-Tecnalia
2010/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: AZTI-Tecnalia)

Butroe, Oria eta Urola dira Zostera noltii hartzeko arrakasta-berme handiena duten estuarioak

EAEko estuarioak aztertuta, AZTI-Tecnalian metodologia bat garatu dute Zostera noltii itsas belarra landatzeko eremu egokienak behar bezala aukeratzeko. Gaur egun, Zostera noltii da EAEn itsasoko belardiak eratzen dituen landare bakarra, eta EAEn dauden hamabi estuariotatik hirutan bakarrik ditu populazioak: Okan, Lean eta Bidasoan.

Hiru estuario horiek alde batera utzita, AZTI-Tecnalian ondorioztatu dute Butroe dela Zostera noltii hartzeko arrakasta-berme handiena duen estuarioa, eta, haren atzetik, Oria eta Urola.

Zostera noltii fanerogamoak funtzio garrantzitsua du urpeko inguruneetan, sedimentuak egonkortu egiten dituelako eta lehen mailako ekoizlea delako. Gainera, sortzen dituen formazio dentsoak, edo belardiak, itsas ekosistema emankorrenetako bat dira; izan ere, bizidun askorentzako zeharkako janari-iturri, babesleku edo umatze-gune dira, eta parte-hartze aktiboa dute elikagaien zikloan.

XX. mendearen bigarren erditik aurrera gogor egin du behera mundu osoan itsasoko hainbat fanerogamok betetzen zuten eremuak, eta zientzialariek proiektu asko jarri dituzte martxan itsasoko belardiak leheneratzeko. Horrelako belardiak leheneratzeko aukeretako bat landare helduak birlandatzea da; eta AZTI-Tecnaliak garatutako metodologiak horretarako lekurik egokienak aukeratzeko balioko du. Izan ere, funtsezkotzat jotzen da aukeraketa behar bezala egitea, horrelako ekintzak arrakastatsuak izan daitezen.

1
265
2010
6
001
Ekologia; Botanika; Ikerketa-zentroak
Albisteak
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila