Izarrak itzaltzen direnean

Eguzkiaren antzekoa den "Katuaren begia" izarraren azken arrastoaren lekukoa da irudiko argazkia.

Eguzkiaren antzeko izarra da ondorengo irudikoa. Zehatzago esanda, izarraren azken arrastoa. Izan ere, NGC 6543 edo “Katuaren begia” izeneko izar horrenak egin dituela esan dezakegu jadanik. Dragoiaren konstelazioko izarra da eta Hubble teleskopioak bidali du bere heriotzaren berria. Izarra bere kemena galdu ahala, puztu eta ezegonkortu egiten da. Horren ondorioz, izarraren masa gutxiagotzen hasten da eta alde guztietara kanporatzen izarraren nukleoak erretako gasa. Gasak energia askatzen du eta horren ondorio dira izarraren inguruan ageri diren eraztun koloretsuak.

Oraingoz, prozesu ikusgarriaz gozatzea baino ez du ahalbideratuko “Katuaren begia” izeneko izarraren heriotzak. Alabaina, balio zientifiko itzela izango du horrek, izar arrunten bilakaera aztertzeko balio izango baitu. Hori ezagutzeak, besteak beste, Eguzkia itzaltzean jasango duen prozesua hobeto ulertzeko bidea eskainiko du. Hori jakina, ez da bihar-etzitan gertatuko, hemendik 5 edota 6 mila milioi urtera baizik. Guk ez dugu hori ikusterik izango, baina gertakaria aurrikusteko moduan izango garela uste dute astronomoek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila