Nafarroan eta Bartzelonan egindako entsegu kliniko batek iradoki du ivermectina botikak, COVID-19aren sintomen iraupena murrizteaz gain, gaixo daudenen karga birala txikitu eta birusaren transmisioa murrizten lagundu dezakeela.
The Lancet taldeko EClinicalMedicine aldizkariak argitaratu ditu emaitzak. Egileen arabera, emaitzak ez dira nahikoa sendoak; beraz, ez dira tratamenduak abiarazteko modukoak. Baina ikerketa gehiago egiteko beharra azpimarratu dute, erabilgarritasun-zantzuak ikusi baitituzte ikertzaileek.
Entsegu klinikoan, COVID-19aren sintoma arinak hasi eta lehenengo egunetan eman zieten ivermectina pazienteei. Odol-analisietan ikusi zuten tratamendua jaso eta hainbat egunera, oraindik PCR bidez positiboak baziren ere, plazebo-taldekoek baino karga biral txikiagoa zutela: hiru aldiz txikiagoa, tratamendua jaso eta lau egunera; eta 18 aldiz txikiagoa, zazpi egunera. Bestalde, birusaren aurkako IgG antigorputzak garatu zituzten, nahiz eta kopuru txikiagoan, eta sintoma arinen iraupena laburtu zitzaien (usaimenaren zein dastamenaren galera eta eztula).
Emaitzak aztertuta, ikertzaileek iradoki dute ivermectinak ez duela eragin antiinflamatoriorik. Birusa zeluletan sartzea eragotzi dezakeela proposatu dute, aurretik Pasteur Institutuan egindako ikerketa batek aditzera eman zuen bezala.
Eztabaidaren erdian
Pandemiaren hasieran eztabaida piztu zuen ivermectinak, SARS-CoV-2aren erreplikazioa murrizteko erabilgarria zela iradoki zenean, kontzentrazio altuegitan eman behar baitzen eraginkorra izateko; baimendutako kontzentrazioetatik oso urruti. Ikerketa berriak argitu du Europan onartutako dosietan ere eraginkorra dela transmisioa eteteko, sintomak agertu eta berehala ematen bada.
Ikertzaileen ustez, orain arte, txertoak eta gaixotasunaren sintomak tratatzeko botikak garatzera bideratu da ikerketa gehiena, eta arreta gutxi jarri da botikek izan ditzaketen beste erabilera batzuetan. Ivermectinak birusaren transmisioa murrizteko balio duela baieztatuko balitz, infektatuek ingurukoei birusa ez transmititzeko balio lezake tratamenduak, eta osasun publikoko erreminta gisa erabil ahalko litzateke.
Elhuyarrek garatutako teknologia