Espezie honen familia habitat desberdinetan ondo ordezkatuta dagoela esan behar dugu eta erraz bereiztuko dugu gainerako familietatik, duen lore-multzo ginbaildunari esker. Familia honen barruan 50 genero pasatxo aipatzen dira Europan, horietako gehienak Euskal Herrian aurki daitezkeelarik.
Bestalde, aztergai dugun itsas mihilua, Crithmum generoko ordezkari bakarra dugu. Espezie honen hosto estu eta mamitsuei esker berehala bereiztu ahal izango dugu, bere familiako kideetatik. Oro har, landare hau oso adarkatua izaten da, 50 cm-ra irits daiteke eta iraunkorra dela azpimarratu behar da. Loreak, berde-horiskak, txikiak (2 mm) eta oso ugariak izanik ginbail-eran biltzen dira (3-6 cm) eta uztail-urria bitartean azaltzen dira. Fruitu helduak berriz, berde-marroiskak izaten dira.
Landarearen izenak adierazten digunez, kostaldeko landarea dela pentsa daiteke eta horrela da, itsas inguruko habitat desberdinetan bakarrik hedatzen baita, batez ere labar eta ezpondetan, nahiz eta geratzen diren azken dunetan ere topa daitezkeen.
Bere banaketa mugatua bada ere, nahikoa arrunta dela esan behar dugu, eta homogenoki zabaltzen da gure kostaldean. Olatuen eraginetik oso gertu daudenez, hostoen zaporea gazia dela diote eta entsalada-modura kontsumitzen omen dira. Landareak dituen gai eta propietateak direla eta, marinelek eskorbutuari aurre egiteko hartzen zuten.
Familia: unbeliferoak |