Itsas zelaien laurdenak galdu dira azken 130 urteetan, eta beherakada geroz eta handiagoa da, itsas belarren mundu mailako lehenengo ebaluazio sakonak erakutsi duenez. Ikerketarako erabilitako 215 lekuetako datu kuantitatiboen arabera, beherakada-tasa hazi egin da; 1940 aurretik urteko % 1ekoa izatetik, 1990etik aurrera urteko % 7koa izatera pasatu da.
Mundu mailako ikerketa egiteko, itsas belarren azaleraren hedaduran izandako aldaketen datu-base bat sortu zuten New Hampshireko Unibertsitateko ikertzaileek. Datu horiez gain, argitaratutako ikerketak, sareko datu-baseak eta argitaratu gabeko beste zenbait ikerketa erabili zituzten. Sintesiak erakusten du 1980tik, batez beste, urteko 110 kilometro karratu itsas zelai suntsitu direla.
Adituen ustez, itsas belarren galera-tasa alderagarria da mangladien, koral-arrezifeen eta oihan tropikalen galerarekin, eta munduko ekosistema mehatxatuenetako bat da. Hala ere, uste dute oraindik aukera dagoela itsas zelaiak berreskuratzeko, itsas eremu babestu izendatuta.