Gaur egungo aplikazio berriek, hala nola 5G, 6G eta Gauzen Internetaren (IoT) teknologiek, irabazi eta banda-zabalera handiko antenak eskatzen dituzte. Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu berri den tesi batean, hasierako urrats bat eman dute estandar horien premiak betetzeko, eta zenbait gailu proposatu dituzte irtenbideak emateko.
Zehazki, banda-zabalera oso handiko polarizazio zirkularra sortzeko gai diren antena-sistemak, metagainazalak eta geometria klasikoetan oinarritutako metalenteak aztertu dituzte ikerketa horretan. Funtsean, turuta formako antena batek metalenteak argiztatzen ditu, Gap Waveguide (GW) teknologia erabiliz; elkarren artean kontaktu fisikoaren beharrik ez duten bi plano eroaletan oinarritzen da teknologia hori. Frogatu dutenez, bi gailuek, bai metalenteak eta bai GW antenak, emaitza bikainak lortzen dituzte konbinatzen direnean.
Dayan Pérez Quintana da tesiaren egilea, eta sakon aztertu du gailu horiek ekoizteko eta neurtzeko prozesua. Gainera, metalente bat aurkeztu du, 300 GHz-era metalizatutako eta mikromekanizatutako silizioan oinarritua. Haren esanean, GW teknologia maiztasun horietan erabiltzen duen diseinu hori aitzindaria da bere esparruan. Aurrez, zenbait sari jasotakoa da bere ikerketengatik.
Elhuyarrek garatutako teknologia