Inpaktua Marten

Inpaktua Marten
2008/09/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA)

Asteroide baten inpaktua da Marteko bi hemisferioen arteko ezberdintasunaren jatorria. Bi hemisferioak oso ezberdinak dira. Iparraldeko eremua laua da, garai bateko ozeano baten hondoa izango balitz bezala; gainera, ikuspuntu geologikotik aztertuta, planetaren azala mehea da eta oso eremu magnetiko arrunta du. Hegoaldea kontrakoa da, menditsua, azal lodikoa eta oso eremu magnetiko konplexua duena. Ikerketa batek aurkitu du inpaktu baten hipotesiak azaldu ditzakeela Marteren ezaugarri horiek.

Kaliforniako Unibertsitateko ikerketa bat da. Marteren inguruko orbitan dauden bi satelitek jasotako datuetatik abiatu dira, Reconnaissance Orbiter eta Global Surveyor. Datu horiekin ordenagailu bidezko simulazio bat egin dute jakiteko ea asteroide baten inpaktuak Marteren gaurko itxura eragin dezakeen. Erantzuna baiezkoa izan da, baldin eta asteroidearen talka-angelua 30 eta 60 graduen artekoa bada Marteko Ipar poloaren azalarekiko.

Hipotesi hori bat dator eguzki-sistemaren barrualdeko formazioaren teoriarekin. Ustez, Merkurio, Artizarra, Lurra, Ilargia eta Marte sortu ziren Eguzkiaren inguruan harriz osatutako eraztun bat zegoelako, eta, denboraren poderioz, grabitateak planeta-sistema horretan bildu zituelako harriak. Prozesua ez da oraindik amaitu, baina gaur egun ez dira asteroide erraldoi asko geratzen toki horretan. Marteren inpaktuaren garaian, aldiz, bai.

1
245
2008
9
002
Astronomia
Berriak labur
4
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila