Erabaki estrategikoetan, landa-eremuen balioak aintzat hartzea komeni dela ondorioztatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

ingurumen-ekonomiaren-ikuspuntutik-landa-eremuari-
Erresuma Batuko landa-eremu bat. Arg. Elhuyar Zientzia

Erresuma Batuan egindako ikerketa batek erakutsi duenez, landa-eremuaren erabilerari buruzko erabakietan ez dira aintzat hartzen eremu horiek eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak, hala nola, atmosfera garbitzea, uholdeetatik babestea, biodibertsitateari eustea, aisialdirako aukerak ematea... Ikertzaileen ustez, zerbitzu horien balio osoa kontuan hartzea onuragarria izango litzateke bai gizartearentzat bai biodibertsitatearentzat.

East Angliako Unibertsitateko Ian Bateman ikertzaileak gidatu du ikerketa-taldea, eta, taldekideen artean, Ikerbasque eta BC3ko (Basque Centre for Climate Change) Unai Pascual ikertzailea ere aritu da. Adierazi dutenez, Erresuma Batuko egoera aztertu badute ere, erabilitako metodologia beste leku askotan ere erabil daiteke, eta, haietan, antzeko emaitzak lortuko liratekeela aurreikusten dute.

Hain zuzen, Europako toki gehienetan nekazaritzak menderatzen du lurraren erabilera. Europar Batasuneko nekazaritzaren urteko balio guztiaren ia erdia laguntza publikoan oinarritzen da (% 70, % 40 eta % 30 baino gehiago Irlandan, Erresuma Batuan eta Espainian, hurrenez hurren).

Ikertzaileek Erresuma Batuan laguntza publiko horrek duen errentagarritasunari begiratu diote, eta, horretarako, nekazaritza-lurren balio ekonomikoa kalkulatu dute, bai oraingoa bai etorkizunekoa, klima-aldaketaren eragina kontuan hartuta. Balioa kalkulatzean, aintzat hartu dituzte elikagai-produkzioaren balioa eta lotutako ingurumen-inpaktuak (klima-aldaketaren erantzule diren berotegi-efektuko gasak eta jendearentzako atseden-lekuak barne), eta baita nekazaritza intentsiboak sortutako espezie basatien eta biodibertsitatearen galera.

Emaitzak ikusita, ikertzaileek ondorioztatu dute diru-laguntzek asko zamatzen dituztela landa-eremuen gaineko erabakiak, eta ezinbestekoa dela ekosistema-zerbitzuak ere kontuan izatea. Aldaketa hori gauzatzeko, erronka praktiko batzuk ere identifikatu dituzte; horien artean, nagusietako bat hau da: nekazariek parte hartzea gizartearen onurarako lurraren erabileraren aldaketetan. Izan ere, Unai Pascualen hitzetan, “bada garaia nekazariak saritzeko, gizarteak estimu handitan dituen funtsezko ekosistema-zerbitzuak bermatzeagatik. Nekazariak gure landa-inguruaren administratzaile izan daitezke, horrela guk gizarte moduan hurrengo belaunaldiei lur osasuntsuak utz diezazkiegun”.

Ikerketa Science aldizkarian argitaratu da, Bringing Ecosystem Services into Economic Decision-Making: Land Use in the United Kingdom izenburuarekin.

Bilboko Ingurune Berdeari buruzko pertzepzioa

Neurri batean, ikerketaren ondorioek bat egiten dute Izaskun Casado EHUko ikertzaileak egindako azterketarenarekin. Hain zuzen, EHUko Paisaia, biodibertsitatea eta ekosistemen zerbitzuak ikerketa-taldeko kideetako bat da Casado, eta Bilboaldeko herritarrek ingurune berdeari buruz duten pertzepzioa aztertu du.

Casadok bostehun pertsona elkarrizketatu ditu, eta, jaso dituen erantzunen arabera, inkestatutako ia pertsona guztiak jabetzen dira ingurune berdeak ekosistema-zerbitzuak ematen dituela, eta balioetsi eta estimatzen dituzte. Alabaina, pertsona horien ia % 80k kultura-zerbitzuak identifikatzen baditu ere (aisialdia, paisaia, atsedena...), heren batek baino ez ditu erregulazio-zerbitzuak identifikatzen, eta are gutxiagok (% 1,8) identifikatzen ditu ekosistemen hornidura-zerbitzuak. Aldi berean, ordea, eremua kontserbatzen laguntzeko prest daude.

Emaitza guztiak ikusita, ikertzaileak “ezinbestekotzat” jo du halako ikerketak egitea, eta erabakiak hartzen dituztenek aintzat hartzea emaitzak. “Ekosistemek eskaintzen dizkiguten zerbitzuak eta biztanleen iritzia ezagututa, oinarri sendoa izango dugu nolako etorkizuna nahi dugun jakiteko”, esan du Casadok.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila