NASAko astronomoak hasi dira Mars Odyssey espazio-ontziak bidalitako datuak jasotzen. Datuok beso-zabalik hartu dituzte, emisio termikoan oinarritutako irudi sistemak planetaren azaleko geologiari buruzko datu zehatzak ematen baititu. Gainera, argi ikusgarrian bildutako irudiek ere aurreko misioetan Viking Orbiter-ek eta Mars Global Surveyor-ek jasotakoak osatzen dituzte.
Jakin-min handiena Marteko balizko uraren inguruan dago. Oraingoz, gamma izpiko espektrofotometroari esker, Marten hidrogeno ugari dagoela jakin ahal izan dute. Horregatik, hainbat astronomok ura dagoela ondorioztatu dute. Hala ere, hipotesi hori zuzena dela frogatzeko, azterketa gehiago beharko dira. Zorionez, Martek bere lekuan jarraituko du datozen urte eta mendeetan. Beraz, badirudi ikerketak egiteko nahiko denbora badagoela.