Ilargiaren bat-bateko jaiotza

Gure satelitea Lurraren orbitako zatiez osatu zen urtebeteko denbora tartean. Horixe da, hain zuzen, ikertzaile iparramerikar eta japoniar batzuek buruturiko simulazio baten ondorio nagusia. Gaur egun Ilargiaren sorrerari buruz indarrean dagoen teoria zehaztera dator ikerketa. Teoria horren arabera, gorputz handi batek Lurrarekin talka egin eta lurrazal zati bat harrotu zuen gas eta hautsez osaturiko diskoa eratuz gure planetaren inguruan.

Halaber, Ilargia eratzerakoan gertaturiko zatien batura ez omen zen izan oso eraginkorra, ikertzaile hauen ustez. Izan ere, zatien %15-40 batu zen soilik eta gainerakoa Lurrera erori zen berriro.

Simulazio hauek guztiak zuzenak baldin badira, duela 4.500 milioi urte Lurraren aurka talka egin zuen gorputza, Marte baino handiagoa zen, eta hau ez da oso arrunta planeten sorkuntzan. Beraz, Lurra-Ilargia sistema salbuespen gisa hartu beharko da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila