Ilargia sortu zen eguna

Ilargiaren jatorria ezagutzea astronomoen eztabaida etengabe horietako bat da. Azken aldian garatu den ordenadore bidezko simulazioak, Ilargia objektu batek Lurra jo ondoren sortu zela erakutsi du. Objektuak Martitzen tamaina zeukan eta gertaera duela 4,4 mila milioi urte jazo omen zen.

Objektuaren burdinazko nukleoak Lurrarekin bat egin zuen eta sortu ziren silikatozko hondakinek, bildu eta Ilargia sortu zuten.

Mexiko Berriko unibertsitateko Horton Newson eta Camberrako unibertsitateko Stuart Ross Taylor ikerlariek egin dute talkaren simulazioa. Beren datuen arabera objektuaren nukleo solidoa eta mantua banandu egin ziren, baldin eta talka-abiadura 5 km/s-koa baino handiagoa bazen.

Orain arte plazaratutako ereduek ez zuten Ilargiaren biraketa-planoaren angelua, sistemaren momentu angeluarra edo Ilargiaren dentsitate txikia azaltzen. Ereduak bestalde, Ilargiak eguzki-sistemako barne-planetek baino burdinazko mineral metaliko gutxiago dituela azaltzen du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila