Lockheed Martin konpainia aeroespazialeko ingeniari-talde bat ur ilunetan ikusteko gai den kamera garatzen ari da. Irudiak osatzeko argia erabili ordez ultrasoinua erabiliko du kamerak. Guk objektuek islatzen duten argia detektatuz ikusten dugu; kamerak, ordea, objektuetan soinu-uhina errebotaraziz ikusten du. Sonarrek sistema berbera erabiltzen dute ur azpiko objektuak antzemateko, baina irudiak osatzeko oso bereizmen txikia ematen dute. Horregatik, kamerak ultrasoinuak erabiltzen ditu eta inguruan duen edozein objekturen irudi aratza sortzeko gai da. Kamera bi maiztasunetan probatu dute: megahertz bateko maiztasuneko ultrasoinua erabiliz, irudi kaskarra lortzen da, baina 50 metroko distantzia-tartean ikusteko gai da. 3 megahertzeko maiztasuna erabiliz berriz, cm bateko bereizmena duen irudi fina lortzen da, baina 10 metroko distantziara soilik ikus daiteke.
Kamerak aplikazio ugari ditu asmatzaileen esanetan. Argiak balio ez duen ur ilun eta zikinetan ikusteko gai da eta ur azpiko minak bilatzeko edo hegazkin-istripuen hondakinak aurkitzeko oso baliagarria izan daiteke. Ingeniarien helburua orain, urpekariak eskuetan eraman dezakeen kamera txikia egitea da.