Ikusi-makusi… zer ikusi?

“Etsaien kontra borrokatzeko bidali gintuzten, ez elementuei aurre egiteko”. Historiak emandako irakaspenak, nonbait, ez dituzte aintzakotzat hartu EEBBetako Armadan eta orain ari dira egindako hutsaz ohartzen. Garai batean “Armada Garaitezinari” gertatu zitzaion eta orain “Hegazkin Ikustezinari”.

B-2 hegazkin ikustezina, ikustezina eguraldia lagun.

B-2 izeneko hegazkina azken urteotako proiekturik garestienetakoa izan da. Etsaien radarren aurrean ikustezina da kanpoan ezarritako geruzari esker, argi-seinale guzti-guztiak zurgatzen dituen plastiko eta metalen nahasketa bereziaz egindako ezkutuari esker, hain zuzen ere.

Euriaren, hezetasunaren eta beroaren aurrean, ordea, B-2 hegazkin ikustezinak ez du ezertarako balio... etsaien radarren aurrean nabarmen-nabarmen agertzen baita, bere luze-zabal osoan. Praktikan, bada, bitxikeri modura erakusteko baino ez du balio izango B-2ak, nekez gertatuko baitira balizko interbentzio-garaian hegazkin “apetatsuak” behar dituen eguraldi-baldintzak.

Ia 45 bilioi dolar inbertitu ditu EEBBetako Armadak iraultzailea omen zen proiektu honetan. Agintari militarrek ziotenez, gaitasun militar eta estrategiko itzela emango zien hegazkin ikustezinak eta izan ere, halaxe ei da giro lehorra dagoenean; euria egiten duenean, ordea, jostailu garestia baino ez da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila