Satorrak normalean ez du ikusten, baina fisiologoak kilikatzen dituen bi begi txiki baditu. Ikusten ez badu, zertarako ditu?
Spalax erhenberghi satorrak, bere 25 edo 30 milioi urteko eboluzioan ikusmen-organoko zerbaiten arrastoa gorde du. Bi begi mikroskopiko ditu; 700 mikra diametrokoak gehienez (tamaina bereko karraskarien begiak 6 mm inguruko diametroa izaten du). Gainera begi horiek azal batez estaliak ditu, eta argiak zeharkatu egin behar du, erretinara heldu nahi badu. Satorra itsua zela esateko bere arrazoiak bazeuden, noski.
Howard M. Cooper, Marc Herbin eta Eviatar Nevo ikerleek ordea, aurkikuntza interesgarria egin dute. Sator hau argiaren intentsitateak dituen aldaketak detektatzeko gauza da. Ziklo “fotoperiodikoak” sentituta, bere eguneko iharduera eta erritmo biologikoak erregulatzen ditu. Hori guztiz beharrezkoa du; bere oreka termikoa mantentzeko batez ere. Hotza jasateko erresistentzia, egunaren iraupenaren araberakoa da. Eguna zenbat eta laburragoa izan, hotzarekiko behar duen erresistentzia hainbat eta handiagoa da.
Baina argia detektatu eta garunera transmititu, nola egiten du? Markaketa-teknikak erabiliz erretina-zelula gutxi dituela ikusi da (tamaina bereko karraskari arruntek baino 100 aldiz gutxiago), baina ikusmen egitura guztiak ez dira maila berean endakatu edo degeneratu. Formak analizatzeko, higidura detektatzeko eta ikusmena motrizitatearekin koordinatzeko egiturak asko egin dute atzera, noski, baina funtzio fotoperiodikoekin zerikusia duten hipotalamoko eta ildaska-ertzeko egiturak, karraskari arruntek baino hogei aldiz garatuagoak dituzte.
Egitura horiek zerikusi handia dute hormonen zikloan, ugalketan eta beste erritmo fisiologiko batzuetan.
Emaitza hauek medikuntzan eragina dute eta giza ikusmenaren atzerapeneko (mikroftalmiako) mekanismoak argi ditzakete.