Ikus dezaketen begi artifizialak

Begiak kalteak jasaten dituenean, lehenengo helburua ikusmena ez galtzea izaten da. Bigarrena, ostera, estetikoa izaten da. Bi helburu horiek gogoan, Errusiako hainbat kimikarik kaltetutako humore beirakararen ordez erabil daitekeen materiala aurkitu dute. Osagai nagusia ura da, eta polimero-sare mehe batek urari eutsi eta humore artifiziala gorpuzten du.

Humore beirakara begia betetzen duen substantzia urtsu eta gardena da. Istripu baten ondorioz begia kaltetu eta substantzia horrek ihes egiten badu, gaixoak ikusmena galtzen du. Orain arte, begia ordezkatzeko arrazoi bakarra estetika izan da, zientzialariek ez baitute ordezka dezakeen material egokirik aurkitu.Korigodskii eta bere lankideek, ordea, humorea ordezkatzeko ezaugarri egokiak dituen polimeroa aurkitu dute. Oso elastikoa den hidrogela da; % 98 ura da eta, polimero-sare mehe bati esker, ez du hasierako egitura galtzen.

Material horrekin, 22 eta 25 mm bitarteko diametroa duten esfera elastiko gardenak egin daitezke, eta kaltetutako begi-eskualdearen ordez jarri. Uretan disolbatzean, materiala ikusezin bihurtzen da, hidrogelaren errefrakzio-indizea urarenaren antzekoa delako. Gainera, osagai nagusia ura denez, organismo biziekin bateragarria da. Esfera begian ipintzeko, nahikoa da ebaketa txiki bat egitea. Untxiekin egindako saiakeretan, jarri eta urte batera humore beirakarak garden izaten jarraitzen duela ikusi dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila