Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroko (CIMA) ikertzaileek iktusak eragiten dituen tronboak deuseztatzeko gai den molekula bat (MMP-10) aurkitu dute. Caengo Neurozientziak Unitateko (Frantzia) eta Washington Unibertsitateko (AEB) ikertzaileekin elkarlanean egin dute ikerketa, eta Circulation aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Iktus iskemikoa gaixotasun baskular bat da. Odol-isuria eragozten duten garuneko arteria nagusi batean odolbildu bat agertzen denean sortzen da, eta garuneko lesio bat eragiten du bat-batean. Kaltetzen den garuneko eremuaren arabera, sintomak askotarikoak izan daitezke, oinez ibiltzeko zailtasunak, zorabioa, oreka edota koordinazio-galera, gorputz-adarretako paralisia eta hitz egiteko arazoak, besteak beste", azaldu du José Antonio Páramok, CIMAko Aterosklerosi eta Inflamazio Laborategiko zuzendariak.
Iktus iskemiko akutua diagnostikatzean, koagulu hori deuseztatzeko gai diren botikak, hala nola t-PA, hartu behar dira garaiz (sintomak igarri eta lehenengo 4 orduetan). Hala ere, botika hori ez dago albo-ondorioetatik salbu, garuneko hemorragia izateko arriskutik libre, alegia. "Gure lanean, iktus iskemikoa duten eredu esperimentaletan egindako lanean hain zuzen ere, egiaztatu dugu MMP-10 molekula ohiko tratamendua bezain eraginkorra dela infartuaren tamaina murrizteko, eta, gainera, odoluste-arriskua 30 aldiz txikiagoa dela. Emaitza horiek aukera berriak irekitzen dituzte iktus bat duten gaixoentzat", azaldu du Josune Orbek, azterketaren ikertzaile nagusiak.
Orain, MMP-10 molekula eta ohiko botika dosi txikitan konbinatuz, efektu bera baina arazo hemorragiko gutxiagorekin lortzen ote den edo ez aztertzera bideratu dituzte ikerketak.