Animaliekin egindako ikerketetan, bi sexuak egoki ordezkatuta egon daitezela eskatuko du Estatu Batuetako Osasun Institutuak (NIH). Izan ere, gero eta ageriagoa da emakumezkoak baztertuta daudela osasungintzan, eta horren adierazleetako bat da ikerketa medikuetan erabiltzen diren animalia gehienak arrak direla, baita probatzen ari diren sendagaiak emakumezkoentzat direnean ere. Horrenbestez, ez da harritzekoa emakumezkoek albo-ondorio gehiago eta larriagoak izatea gizonezkoek baino.
Nature zientzia-aldizkariak jakitera eman duenez, ordea, NIHk pauso bat emango du egoera hori aldatzeko. Zehazki, NIHk diruz laguntzen dituen ikerketetan, bi sexuen parte-hartzea egokia izatea eskatuko du. Alegia, berez, bi sexuen parte-hartzea orekatua izan beharko du, eta desorekatua bada, ikertzaileek arrazoitu egin beharko dute zergatik ez dauden proportzio berean animalia arrak eta emeak.
Animaliekin egindako ikerketei ez ezik, zelulekin egindakoei ere eragingo die neurriak. Hain zuzen, Naturen bertan aipatzen dutenez, “gehiegitan” ez da aintzat hartzen zelula-lerroen sexua, in vitro egindako ikerketetan. Alabaina, arren eta emeen zelulek ez dute berdin erantzuten eragile kimikoen eta mikrobianoen aurrean. Esaterako, neurologian nabarmena da gaixotasunen agerpena desberdina dela emakumezkoetan eta gizonezkoetan; bada, ikusi dute neurona femeninoek (XX) eta maskulinoek (XY) ere erantzun berezitua adierazten dute zenbait kitzikatzaileekiko.
NIHren arabera, urrian jarriko dituzte martxan ikerketa medikuetan berdintasuna bilatzen duten neurri horiek, baina aurrerantzean beste pauso batzuk emateko asmoa ere baduela jakinarazi du.