Hil gabe baleak ikertzeko metodoa landu dute Australiako zientzialariek. Ikerketa baleen gorotzen analisian oinarritzen da, eta horren bidez datu garrantzitsuak lortzen dira: zer jaten duten, zein diren haien digestio-aparatuko bizkarroiak... Gainera, balea zehatz mehatz identifikatzeko, ADNaren azterketa egin daiteke.
Baleak ozeanoaren azaleratik hurbil libratzen dira eta ikertzaileek sareetan biltzen dituzte gorotzak. Metodoa balea akabatuta egiten den azterketa baino merkeagoa eta sakonagoa da, eta, beraz, Nazioarteko Baleen Batzordean (IWC) aurkeztu dute. Bide batez, baleak babestea dute helburu. Izan ere, japoniarrek egiten duten balea-ehizaren helburuetako bat ikerketa omen da, eta aitzakia horrekin 500 balea eta kaxalote baino gehiago hiltzen dituzte urtean.