Berriki, SNOE (Student Nitric Oxide Explorer) izeneko satelitea aireratu da espaziorantz. Berezitasuna, ordea, ez da satelitea bera, egileak baizik. Izan ere, hainbat ikaslek diseinatu eta eraikitako lehenengo satelitea da honakoa. Coloradoko Unibertsitateko ikasleek eraiki dute eta 12 milioi dolarreko aurrekontua izan du.
Gauza jakina da oxido nitrikoak ozono-geruza kaltetzen duela, baina ez da ezagutzen konposatu kimiko honek atmosferan dituen gorabeherak zerk eragiten dituen. Satelite berri honek oxido nitrikoaren maila neurtuko du alde batetik eta eguzkiaren X izpiekiko duen korrelazioa ere zehaztuko du bestetik.