Giotto zundak, Halley kometa

Aldizkariaren ale hau kaleratzen denerako, Giotto zundak, Halley kometaren "koma" (nukleoa inguratzen duen hauts-geruza) trinkoa iragana izango du jadanik. Gurutzatze-abiadura itzelak direla kausa, zundak egin beharreko saioak minitu gutxitan burutu beharko ditu. Arazo honek noski, lortuko diren datuak asko mugatzen ditu.

Giottoaren esperientziak emandako fruituez probetxatuz, Giotto berri bat eraikitzea proposatzen du zenbait astronomilarik. Giotto II hau joan-etorriko zunda izango litzateke, eta helburua, kometa baten lagin bat lurrera ekartzea da.

Giotto IIa, amerikarren lagin-biltzaile batez hornitua, transbordadore espazialetik jaurtia izango litzateke. Orbita egokian jarrita, kometa zeharkatu eta lagina hartu ondoren, "itzulera libreko" ibilbidean Lurrera itzuliko litzateke.

Zundaren muturrean kokatutako bilgailuek kometaren materiala bilduko lukete. Giotto IIa Lurrera hurbiltzean, balaztaketa-koheteak piztuko lirateke eta zundaren abiadura txikiagotu egingo litzateke, transbordadoreak "harrapa" lezan. Laginak berreskuratzeko proposatutako beste sistema bat, satelite militarretatik informazioa biltzeko erabiltzen diren birsartze-kaptsula batean jaurtia izatea da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila