Ozono-geruza mehetu delako suntsitu ote da munduan hainbat anfibio-espezie? Estatu Batuetako Oregon-go Unibertsitateko zientzilariak baietzean daude. Estratosferako ozono-geruza mehetuta izpi ultramoreak errazago heltzen dira Lurrera eta igel-espezie batzuk hil egiten dituzte. Izpi ultramoreek 280 eta 320 nanometro bitarteko uhin-luzera dute eta espezie batzuetako arrautzak hil egiten dituzte (beste espezie batzuetakoak ez).
Andrew Blaustein eta John Hays zientzilariek diotenez, izpi ultramoreak jasaten dituzten arrautzek fotoliasa izeneko entzima ugari dute, eta horiei esker, izpi ultramoreak ADN molekula hausten duenean hau konpondu egiten da. Laborategiko izpi ultramoreek anfibioen arrautzak hil egiten zituztela lehendik ere bazekiten, baina orain Eguzki-izpiez ere hiltzen direla frogatu dute.
Batrazio, igel, apo eta arrabioak 180 milioi urte daramatzate mundu honetan eta ez dakigu ozono-geruza mehetu delako suntsitzeko arriskutan diren ala ez. Izan ere, beste zientzilari batzuk izpi ultramoreen kaltegarritasunaz eszeptiko agertzen baitira.