Animalia batzuk azkar egokitzen dira tenperatura-aldaketetara. Hori da, behintzat, Ipar Amerikako igel batzuen kasua. Animalia horiek aztertu dituzte ekologo batzuek, azken 30 urteetako hango klima-aldaketak putzuetan eragin dituen aldakuntzak kezkaturik.
Hainbat putzutako zapaburuak hartu eta beroa nola jasaten zuten eta zein tenperatura nahiago zuten aztertu zuten ikertzaileek, baita tenperaturaren eta garapen-abiaduraren arteko harremana ere. Behaketa horien emaitzen arabera, igelak azkar moldatzen direla ondorioztatu dute ekologoek.
Ikertzaileen ustez, emaitza horrek erakusten du espezie batzuk ez direla horren sentikorrak klima-aldaketekiko, eta, beraz, espezie guztietan ez dela berdina horrelako aldaketen eragina. Hori dela eta, espezieen etorkizunari buruzko aurreikuspenak egiten direnean desberdintasun horiek kontuan hartu behar direla diote ikertzaileek.