Ig Nobel sariak, aurten ere barrea eta zorroztasuna uztartzen

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

ig-nobel-sariak-aurten-ere-barrea-eta-sakontasuna-
Ig Nobel sarien ikurra. Arg. Annals of Improbable Research
Ig Nobel sariak errepika ezin daitezkeen edo errepikatzea komeni ez diren ikerketei ematen zaizkie. Annals of Improbable Research aldizkariak antolatzen ditu, eta atzo izan zen sariak banatzeko ekitaldia. Guztira, hamar sari eman zituzten, bat arlo bakoitzeko. 

Psikologia arloko sariak, esaterako, oihartzun handia izan du, agian batek baino gehiagok bat egingo duelako ikerketaren ondorioarekin. Izan ere, alkoholaren eraginpean norberak bere burua mozkortu gabe dagoenean baino erakargarriago ikusten duela frogatu dute sariaren irabazleek. Haien arabera, lehendik jakina zen edandakoan besteak erakargarriagoak bihurtzen direla batentzat, baina norberarengan duen efektua ikertu gabe zegoen. Gainera, ikusi dute zenbat eta gehiago edan, orduan eta erakargarriago ikusten dela bat. Eta efektua berdina da alkoholik ez duen plazebo bat hartuz gero!

Fisikako saria jaso duen ikerketa, berriz, bitxiagoa da: ikertzaileek deskubritu dute pertsona batzuk gai izango liratekeela aintzira baten gainean korrika egiteko... baldin eta aintzira ilargian balego.

Kimikakoa, ordea, lurtarragoa da: tipulek zergatik sorrarazten dituzten malkoak ikertu dute, eta, nonbait, azalpena uste baino askoz ere zailagoa dela konturatu dira.

Arkeologia arloan saritutakoan ere gure gorputzaren funtzionamenduari begiratu diote, satitsu bat osorik irentsi eta liseriketa egin ondoren, hezurtxoak nola geratzen diren ikertu baitute.

Baina, batzuentzat, interesgarriagoa, edo, behintzat, praktikoagoa izango da Osasun Publikoan saritu duten ikerketa, ebakitako zakilak berrio txertatzeko teknikak azaltzen baititu. Hori bai, ikertzaileek ohartarazi dute teknika horiek ez direla baliagarriak ahate batek zakilaren zati bat jan badu. Ikerketaren xedea hobeto ulertzen da jakinez gero ikerketa Tailandian egin dutela. Nonbait, han noizean behin gertatzen da emazteren batek zakila moztea bere senarrari, eta ohikoa da etxean ahateak edukitzea.

Medikuntzako saria ere oso da interesgarria, bereziki saguentzat. Hain zuzen, bihotza transplantatu zaien saguetan opera klasikoa entzuteak duen eragina aztertzeagatik irabazi dute saria.

Biologia eta astronomia arloan eta Probabilitatean ere animaliak izan dira protagonista. Lehenengoan, saritu dituzte frogatzeagatik kakalardo pilotagileak gai direla etxera itzultzeko Esne Bideari jarraituta. Bigarrenean saritutako ikerketan, berriz, behiak aztertu dituzte, eta bi gauza ikusi dituzte: batetik, zenbat eta denbora gehiago eman etzanda behi batek, orduan eta aukera gehiago daude laster altxatzeko; eta, bestetik, jaiki ondoren, oso zaila da aurreikustea noiz etzango den berriro.

Segurtasun eta ingeniaritza saria hegazkin-bahitzaileak harrapatu eta paraxut baten bidez hegazkinetik kanporatzeko ikerketak irabazi du. Azkenik, Bakearena biren artean banatu dute: Bielorrusiako lehendakari Alexander Lukashenkori eman diote erdia, publikoan txalo egitea debekatzeagatik; eta Bielorrusiako Poliziari, besamotz bat atxilotzeagatik, txalo egin zuelakoan.

 

 

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila