ICS domina jasoko du EHUko geologo Aitor Pairosek, estratigrafiaren arloko nazioarteko sari nagusia

Gorrondatxeko hondartzako itsaslabarrak aztertuta, 50 urteko akatsa zuzendu du

ics-domina-jasoko-du-ehuko-geologo-aitor-pairosek-
Aitor Payros, EHUko geologoa. Arg. UPV/EHU

Bihar jasoko du ICS domina Aitor Payros geologoak Grazen (Austria), STRATI2015  Estratigrafiaren Nazioarteko Kongresuaren ekitaldi nagusian. Gorrondatxeko hondartzan (Getxo, Bizkaia) burutu duen ikerketagatik emango diote, “ikerketa horren ondorioz 50 urtez indarrean egon den denbora geologikoaren eskala zuzendu eta ordezkatu baita”, EHUk zabaldutako oharrean jaso denez.

Lethaia aldizkarian argitaratutako lan honengatik jasoko du saria: "Reassessment of the Early-Middle Eocene biomagnetochronology based on evidence from the Gorrondatxe section (Basque Country, western Pyrenees)” (“Behe-Erdi Eozenoko biomagnetokronologiaren birbalioztatzea Gorrondatxeko sekzioaren ebidentzien arabera”). Batzordearen ustez “berebiziko ekarpen bikaina izan da estratigrafiaren eremuarentzat”.

Payros “oso harro” agertu da aintzatespenarekin, “errekonozimendu profesional bat izateaz gain, poztasun pertsonal handia ere ematen didalako”.  Haren esanean, lan zaila izan da gainerako zientzialariak konbentzitzea Gorrondatxen eskuratutako emaitzen balioaz, hainbeste urtez indarrean izan diren kalibraketak okerrak zirela iradokitzen zutelako, eta, ondorioz, “gure alternatiba polemikoa zelako”, dio.

Hamarkada bat darama Gorrondatxeko hondartzako sekzio estratigrafikoa sakonean aztertzen —duela dela 45-50 milioi urteko harri sedimentarioz osatuta dago bertako itsaslabarra—. “Ikusi genuen Gorrondatxen, harriak datatzeko, ezin zela aplikatu azken 50 urteetan erabiltzen ari zen kalibraketa estandarra. Eozenoan ustez aldi berean jazo ziren gertaerak, eta, ondorioz, harrietako maila berean aurkitu behar zirenak, Gorrondatxen geruza oso desberdinetan ageri ziren, eta horrek 3 milioi urte inguruko desadostasunak eragiten zituen kalibraketa estandarrarekiko”, azaldu du. Arazo horren aurrean, jatorrizko lanak berrikusi zituzten, eta erregistro geologikoak bildu zituzten beste eremu batzuetan. “Horrek eraman gintuen ondorioztatzera kalibraketa estandarrak akats garrantzitsuak zituela eta Gorrondatxeko gure behaketak fidagarriak zirela”, gehitu du Payrosek.

Datatzeko tresna fidagarriak izatearen garrantzia azpimarratu du Payrorek.  Haren esanean,  geologiak, besteak beste, Lurraren historiako gertaeren efektuak aztertzen ditu (berotze globalak, glaziazioak, meteoritoen inpaktuak, sumendien erupzioak, etab.), eta zehazten du zein izan zen eratorritako ondorioen segida, etorkizunean antzeko egoerak gertatuz gero, iragarpenak egin ahal izateko. “Horretarako, ezinbestekoa da iraganeko gertaerak hurrenkera kronologiko zuzenean kokatzea, eta, horretarako da beharrezkoa datazio fidagarria”, azpimarratu du.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.