IBM-k PS/2 ordenadore-familia berria aurkeztu du. Familia hau lau maila desberdinetan bana daitezkeen 8 ordenadore-konfigurazioz osatua dago.
30 eredua, mahai gaineko ordenadore pertsonala da; betiko PC-a baino konpaktoagoa eta zertxobait azkarragoa. Eredu honen barnean bi aukera daude; 3.5 hazbeteko bi disket-unitate izatea (720 Kbyte disketeko) edo disket-unitate bat eta 20 Mbyteko disko gogorra.
Honen gainetik, eta benetan PS/2 belaunaldian sar daitekeen lehena, 50 eredua dago. Honek konfigurazio bakarra eskaintzen du: 3.5 hazbeteko disket-unitate bat eta (1.44 Mbyte diskoko) eta 20 Mbyteko disko gogorra.
Bi eredu hauek ditugu mahai gaineko bakarrak. Ondorengo eredua, 60a, lurrean zutik eduki beharrekoa da. Honek ere bi konfigurazio posible ditu: 1.44 Mbyteko eta 3.5 hazbeteko disket-unitate bat eta 44 edota 77 Mbyteko disko gogorra.
Eta eskalaren goikaldean PS/2 80a, zeina 32 biteko ordenadorea bait dugu. Honek hiru konfigurazio izan ditzake: 1.44 Mbyteko eta 3,5 hazbeteko disket-unitatea eta 44.70 edo 115 Mbyteko disko gogorra.
Gaur egun PS/2 familia berri honek MS-DOS sistema eragilearen DOS 3.3 bertsio eguneratu eta potenteagoarekin funtzionatuko du, Operating System/2 erabilgarri ez dagoen bitartean.
PCrekin bateragarriak ote? Gaur egun, PCetan exekutatzen den softwarea PS/2 berrietan ere egikari daiteke, baldin eta 3.5 hazbeteko disketetara pasatzen bada. Hardware aldetik ere badirudi PCei konektatzen zaizkien periferikoak PS/2ei ere problema handirik gabe konekta dakizkiekela. Hori bai, PCetako hedapen-txartelak PS/2 30ean bakarrik erabili ahal izango dira; beste ereduek ez dute onartuko.
Oraingoz, eta prozesu-abiadura salbuespen dela, familia berri honen abantailak ez dira beste munduko gauzak. Hala ere, datorren urtean OS/2 sistema eragilea datorrenean egoera hau asko aldatuko dela espero da.
Dena den, PS/2 30arentzat ez du aurrerakuntzarik suposatuko; OS/2 sistema ez bait da eredu honentzat diseinatua egongo. Honek DOS 3.3 sistemarekin jarraitu beharko du. Hau dela eta, eredu honek ez du etorkizun handiegirik; alde batetik ez PC ez benetako PS/2 ez delako eta bestetik prezioa ere PC bateragarriena baino dexentez altuagoa delako.
Beraz, beste hiru ereduak eskainiko dutenaren zain geratu beharko.