Zalantzarik gabe, gaur egungo gizartean gehien erabiltzen den botiketako bat aspirina da. Edozein delarik gaitza, aspirina hartuta konpon daitekeela uste du jende askok. Jakina da bestalde, aspirinak bigarren mailako ondorioak ere izan ohi dituela. Horretaz jakitun, aspirinaren eraginkortasun-maila berbera eta bigarren mailako ondoriorik uzten ez duen farmakoaren bila ari dira Chicagoko Unibertsitatean; itxura guztien arabera, hurrengo mendeko panazea izan daitekeen botikatik gero eta hurbilago daude.
Ikerketaren lehen urratsa aspirinaren funtzionamendua argitzea izan da. Ez da ordea, zeregin makala izan. Aspirinak PGSH-1 eta PGSH-2 izeneko entzimak abiarazten dituela ikusi dute ikerlariek eta horretatik abiatu dira botika horren abantailak eta kalteak non gertatzen diren argitu ahal izateko. Behin-behineko emaitzak baino ez dira kaleratu eta horien arabera, PGSH-1 entzima litzateke bigarren mailako ondorio kaltegarrien eragilea eta PGSH-2 entzimari zor zaio behin baino gehiagotan denok eskertu dugun eragin lagungarria. Edonola ere, ikerketaren hastapenetan daudela ohartu nahi izan dute ikerlariek, besteak beste, aspirinak ekoizten dituen laborategian buruko min itzela heda ez dadin.