Albert Einstein-ek honakoa zioen: "Gas baten tenperatura zero absolutuaren ingurukoa baldin bada, atomoek beren nortasuna galdu egingo dute eta atomo-zopa bihurtuko dira."
Kondentsazio hau da Colorado-ko Boulder-ko laborategiko astrofisika-institutuan lortu nahi dutena. Horretarako "laser bidezko hozketa" deituriko teknika erabiliko dute. Hori lortzeko, sei laser infragorri zehatz-mehatz enfokaturik eta doiturik dituzte.
Gas baten tenperatura agitazio-abiaduraren araberakoa dela baieztaturik dago. Zenbat eta tenperatura handiagoa izan, hainbat eta gehiago higitzen da eta zenbat eta hotz handiagoa izan, hainbat eta geldiago dago.
Aipatu laborategiko Wieman doktoreak prozedura honela azaltzen du: "Laser bidez harrapatutako zesio-gaseko atomoek galdutako energi kantitate handia dela eta, ezin dute elkarren artean talkarik egin. Laserra deskonektatutakoan, atomoak poliki-poliki erortzen dira; ez bait dute grabitatea bera ere jasateko nahikoa energia".
Zero absolutua -273'15 gradu zentigradutan kokaturik dago eta aipatu saiakuntzaren bidez lortu nahi den tenperatura zero absolutua baino gradu baten milioiren bat handiagoa da. Hau lortuz gero, munduko errekorra apurtuko litzateke eta Einstein-ek iragarritakoa egiaztatzeko bidean izango ginakete.