Hondakin plastikoetatik abiatuta xaboia egiteko metodoa garatu dute

hondakin-plastikoetatik-abiatuta-xaboia-egiteko-me
Guoliang “Greg” Liu ikertzailea bere laborategian, plastikozko ontzi bat eskuetan duela. Arg. Steven Mackay/Virginia Tech

Virginia Tech unibertsitatean (AEB) metodo bat garatu dute surfaktanteak lortzeko, hondakin plastiko jakin batzuetatik abiatuta. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, iragarri dutenez, lortutako surfaktanteak xaboia, detergentea, eta balio handiko beste produktu batzuk egiteko erabil daitezke, eta, bide batez, irtenbide bat ematen zaie hondakin plastikoei.

Polietinolak (gehien erabiltzen den plastikoetako bat) eta xaboia egiteko erabiltzen den gantz azido batek duten antzekotasunean oinarritzen da metodoa. Hain zuzen, biak ere karbono-atomoen kate luzeez osatuta daude, nahiz eta gantz azidoek bukaeran beste atomo-talde bat duten.

Polietinelotik abiatuta xaboia egiteko, lehenik, polietilenoa deskonposatu zuten, termolisi bidez, eta, gero, hoztu egin zuten, deskonposizioa geldiarazteko. Horrela, argizariak lortu zituzten. Argizariarekin xaboia egiteko, berriz, beste prozesu batzuk erabili zituzten, tartean saponifikazioa. 

Hastapeneko metodologi hori hobetzeko eredu konputazionala eta beste prozesu batzuk baliatu badituzte ere, baieztatu dute erraza dela, eta ez dela katalizatzailerik behar. Gainera, ohiko beste plastiko batekin ere, polipropinolarekin, erabil daitekeela adierazi dute; are gehiago: biak nahasian ere egon daitezke. Horrek asko errazten du erabiltzea, normalean, birziklatzeko, lehenik bereizi egin behar izaten baitira. Azkenik, ingurumenean eragiten duen inpaktua txikia dela nabarmendu dute.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila