Aktibitate handiko hondakin erradioaktiboak behin-betirako lurrazpian biltegiratu ahal izatea ametsa da oraindik. Europako Elkarteko FEBEX programan, ordea, lanean dihardute aukera desberdinak aztertzen. Horietako bat hurrengo bi urteetan jorratuko dute bentonita izeneko materialaren jokaera behatzen, etorkizunean hondakinok substantzia honek inguraturik metatu ahal izango direlakoan.
FEBEX programa arlo horretan lanean ari diren talde desberdinen ahaleginak koordinatzeko sortu zen eta 1.200 milioi pezetako aurrekontua du. Askotxo dela pentsa dezakezu, irakurle, baina kontua egin orain arte ere ehundaka milioi inbertitu direla I+G programatan.
Gaur egun aktibitate handiko hondakinak zentral nuklearretan bertan biltegiratzen dira behin-behineko irtenbide gisa eta kasu askotan ondoren lurperatu egiten dira. Biltegiratzeko sistema erabat fidagarririk ez dagoela esan izan da askotan eta hortik ulertu behar dira, hain zuzen, “hilerri nuklearra” hitzak entzun orduko pizten diren polemikak.
FEBEX programakoak hondakinak biltegiratzeko leku egokiak bilatzen aritu dira eta bentonitazkoa aukera egokia izan daitekeela uste dute. Buztin absorbatzaile eta dekoloratzailea da bentonita eta orain baino lehen ere industrian erabili izan da. Bere ezaugarriak direla medio, hondakinen aktibitateari eutsi ahal izango diola uste da. Proiektua, arestian esan bezala, bi urtetan burutuko da CIEMAT izeneko erakundean.
Bentonitazko hesi moduko egitura sortuko dute lehenik eta 500 bat detektagailu inguru kokatuko dituzte horren inguruan. Berotu eta hidratatu egingo da hesia eta bere portaera zehatz-mehatz erregistratuko dute detektagailuek; azkenik, hesia erabat hoztu eta desmantelatu egingo da, jasotako informazioa aztertu ahal izateko. FEBEX programaren baitan, bestalde, Suitzako Grimsel herriaren inguruan granitoa zulatuko dute 500 metroko sakoneko biltegia eraikitzeko. Horren barruan ere lanean segituko dute, behin-betiko biltegiaren peskizan.