Metal-oxido arraro bat izan daiteke hondakin nuklearrak epe luzean gordetzeak sortzen dituen arazoen irtenbidea. Hori dio behintzat estatubatuar, britainiar eta japoniarrez osatutako ikerlari-taldeak.
Orain arte harri eta beira gisako material sintetikoak erabili dituzte erradioaktibitate handiko hondakinak gordetzeko, baina hondakinen erradioaktibitateak ontzien materialak baino askoz gehiago irauten duenez, arazo larria sortzen da. Erbio- eta zirkonio-oxidoarekin (Er2Zr2O7) egindako probek, ordea, emaitza onak izan dituzte, ondo jasan baitu xenon gasezko bonbardaketa (erradioaktibitate handiak eragiten dituen ondorio bertsuak ditu). Egitura atomiko desordenatua du eta badirudi horrek erradiazioa kalterik jasan gabe zurgatzeko ahalmena ematen diola.
Erbio- eta titanio-oxidoa (Er2Ti2O7) ere erabili dute probetarako. Egitura atomiko ordenatua du eta nahiko kalte jaso duela diote. Hala ere, egiteko merkeagoak dira eta hamarka mila urte iraun dezaketenez, hondakinak gordetzeko egokia izan daitekeela diote ikerketa-taldekoek.