Holandarrak dikeak apurtzen

Gezurra badirudi ere, 1990. urtean onartutako plangintza baten arabera holandarrak itsasoarekiko dituzten babesak apurtzen ari dira, horrela 240.000 hektarea ureztatuta geratuko direlarik.

Holandarrek mila urte daramate borrokan itsasoarekin. Holandako lurraren % 38 (33.500 km2) itsas maila baino 6 metro beherago dagoenez, dikeen bidez babestu dira itsasotik. Orain, dikeen zati bat erantsi nahi da eta horretarako sei arrazoi eman dira. Lehenengoa finantzarioa da, dikeak mantentzeko kostuak eta nekazaritzarako ureztapen-sistemen kostuak handiak direlako. Bigarrena, zolua poliki-poliki hondoratzea da.

Hirugarrena higiene nazionalari buruzkoa da; nekazaritza intentsiboak ur-geruzen gero eta poluzio handiagoa sortzen du. Laugarrena ekonomikoa da; nekazariek lurren % 15 utzi egin beharko baitituzte, EEEko diru-laguntzak kobratu ahal izateko. Bostgarren arrazoia ekokulturala da; aditu holandar gehienek Holandan ekosistemarik gabeko lur gehiegi dagoela baitiote. Seigarren eta azken arrazoia, nazioarteko ekologian datza; dikeak jartzeak itsas maila igotzea eragin baitezake.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila