Hilekoak zerikusia du metastasiarekin

Hilekoaren zikloak uste baino eragin handiagoa du minbizian. Kanadako ikertzaile batzuek saguekin egin dituzte saiakerak, eta horien hilekoaren fasearen arabera, minbizia barreiatzeko arriskua nabarmen aldatzen dela ikusi dute. Progesterona hormonaren maila handia denean, erraz garatu dute minbizia saguek; estrogeno-maila handia denean baino dezente errazago.

Berriak eztabaida handia sortu du. Izan ere, horren arabera, tumoreak kentzeko egiten diren ebakuntzak emakumearen hilekoaren fasearen arabera egin behar ote dira? Aurretik bazegoen gai horren inguruko polemika. Ikertzaile batzuek ikusia zuten emakumezkoei tumorea hilekoaren fase jakin batean erauziz gero, bigarren tumore bat garatzeko arriskua handitu egiten zela. Beste ikertzaile batzuen emaitzek, ordea, ez zuten horrelakorik adierazten, eta ebakuntzetan neurriak hartzearen aurka azaldu dira.

Ezer erabaki aurretik proba gehiago egin beharko direla adierazi dute bi taldeek, oraingoz ez baitiete azalpen garbirik aurkitu emaitzei. Hormonek odol-hodien hazkuntza estimula dezaketela susmatzen dute, eta hori aztertu beharra dagoela esan dute. Hala balitz, hormona horien eragina ezeztatzen duten molekulak bilatu beharko lirateke, emakumezkoei tumoreak kentzeko ebakuntzaren bat egiten denean erabili ahal izateko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila