Higgs bosoi bat baino gehiago

Higgs bosoi bat baino gehiago
2010/09/01 | Elhuyar
Protoi baten eta antiprotoi baten arteko talkaren Feynmanen diagrama. Talkak hasieran bi gluoi sortzen ditu (g), eta horien fusioak sortzen du Higgs bosoia (H0). Higgs bosoia bera bi W bosoietan desintegratzen da (W+ eta W-), eta bi horien desintegrazioak elektroi bat (e-), positroi bat (e+) eta bi neutrino (v) ematen ditu. Fermilabeko fisikariek uste dute W bosoi horiekin batera Higgs bosoi gehiago egon daitezkeela. Irudia: Guillermo Roa.

Gaur egun, partikulen fisikak duen helburu nagusia Higgs bosoia detektatzea da. Eredu estandarraren teoriak dio existitu behar duela, baina praktikan ez du inork ikusi. Orain, Estatu Batuetako Fermilab laborategian lan egiten duten fisikari batzuek adierazi dute Higgs bosoia ez dela partikula bakarra, bost baizik.

Proposamena DZero esperimentuaren emaitzen ondorio bat da. Tevatron azeleragailuan, materia eta antimateriaren arteko talkak eragiten dituzte (protoiak eta antiprotoiak), eta talka horren ondorioz materia eta antimateria ere lortzen dituzte, baina ez proportzio berean. Materia gehiago sortzen da antimateria baino. Hori gertatzen da talkan karga eta paritatea ez direlako kontserbatzen. Efektu hori, CP urratzea, aspalditik ezagutzen dute fisikariek, baina DZero esperimentuan ikusi dutena da handiena.

Hain zuzen ere, Higgs bosoia detektatzeko esperimentuan CP urratze txiki bat ikusi behar zuten, baina ez Tevatronen ikusi dutena bezain handia. Eredu estandarrak --Higgs bosoi bakarra iragartzen duen teoriak-- ez du azaltzen CP urratze handi hori. Eredu estandarra aldatu egin behar da, baina DZero esperimentuko Adam Martin ikertzaileak BBCkoei esan dien bezala, "Eredu estandarra ondo egokitzen zaie egin ditugun proba guztiei ".

Martinen arabera, Eredu estandarra gutxien aldatzen duen aldaera da onartzea Higgs bosoia ez dela partikula bakarra. Litekeena da bost Higgs bosoi izatea: karga positibodun bat, karga negatibodun bat eta hiru bosoi neutro.

Oraindik fisikariek ez dakite Higgs bosoirik existitzen den ala ez. Baina badakite DZero esperimentuaren arabera bost partikula bilatu behar dituztela bakarra bilatu ordez.

1
267
2010
9
013
Fisika
Albisteak
16
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila