HIESaren birusaren testa etxean egiteko aparatua

HIESaren birusak kutsatutako gaixoek odolean duten birus-partikulen kopurua kontrolatu behar izaten dute normalean, egiten duten tratamendua egokia den ala ez jakiteko. Odoleko partikulen kopurua handia bada, tratamendua aldatu egin behar izaten dute eta sendagai berriak hartzen hasi. Horrek etengabe medikuaren kontrolpean bizitzea esan nahi du eta, beraz, denbora- eta diru-galera handia.

Michigan Tech konpainiak arazo hau konpon dezakeen tresna sortu berri du: HIV testa egiteko aldean eramateko aparatua. Aparatua diabetearen testa egiten duenaren antzekoa da, detekzio optikoan oinarriturik dago eta bat-batean erakusten ditu emaitzak. Hemendik aurrera HIESdun gaixoek beren infekzioaren egoera zein den etxetik atera gabe jakin ahal izango dute.

Gaixoak odolean duen HIV partikula-kopurua kalkulatzeko bi tindu ezberdin erabiltzen dira. Tinduak zelulen hartzaileekin nahasten dira eta, HIV birusak zelula bat kutsatzen duenean, zelulak kolore bizia hartzen du. Horrela birusak kutsatutako zelulen portzentaia zenbatekoa den gutxi gorabehera jakin daiteke, hartu beharreko neurriak garaiz hartu ahal izateko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila