Zoster herpesaren txertoak dementzia garatzeko arriskua txikitzen duela frogatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

herpes-zosterraren-txertoak-dementzia-garatzeko-ar
Zoster herpesaren txertoak dementzia izateko arriskua txikitzen duela baieztatu dute, esperimentu natural batean. - Arg.

Zoster herpesaren kontrako txertoa jaso zuten adinekoek hurrengo zazpi urteetan dementzia garatzeko % 20 arrisku txikiagoa zutela frogatu dute, esperimentu natural bidez. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian, eta lehendik susmatzen zen teoria baieztatu dute: nerbio-sistemari eragiten dieten birusek dementzia-arriskua areagotzen dute. Era berean, zoster herpesaren kontrako txertoak osasun publikoan uste zutena baino askoz ere onura handiagoa izan dezakeela azpimarratu dute.

Zoster herpesaren birusa barizelaren edo astanafarreriaren birus gera da. Barizela izan ondoren, birusa ez da desagertzen; urte luzez geratzen da bizkarrezur-muinetik gertu dauden nerbio-gongoiletan. Berpiztuz gero, zoster herpesaren eragiten du larruazalean. 

Esperimentu natural horretan (ez baitzen aurrez horretarako diseinatu), Galeseko 71 eta 88 urte bitarteko adinekoen osasun-erregistroak aztertu zituzten, eta zoster herpesaren kontrako txertoa jaso zutenen datuak alderatu zituzten, jaso ez zutenenekin. Txertoa emateko irizpidea adina izan zen: egun batean 80 urte zituztenei ez zieten eman (ez orduan, ez aurrerantzean), bete gabe zituztenei bai (nahi zutenek jarri zuten). Hala, adin berekoak izanda ere, egun beteko aldearekin, batzuek bazuten txertoa eta besteek ez. Horrenbestez, ez zegoen antzeko ikerketetan egoten den isuria: txertoak jartzen dituzten pertsonak, oro har, gehiago kezkatzen dira beren osasunagatik, eta, beraz, bizimodu osasungarriagoa izaten dute. Horrek zaildu egiten du jakitea zenbateraino prebenitzen duen txertoak dementzia, bizimodu osasungarriak ere prebentzio-lana egiten baitu.

Alderaketak agerian jarri du zoster herpesaren txertoak baduela eragin babeslea. Zehazki, txertatutakoen artean dementzia-kasuak % 20 gutxiago ziren. Gainera, eragina are nabarmenagoa zen emakumeetan. Eta ez zen alderik agertu beste gaixotasun edo osasun-parametroetan; dementzian bakarrik. Horrenbestez, ikertzaileek baieztatu dute dementzia-kasuen jaitsiera txertoari esker gertatu dela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila