Umeak erronka berezia dira inplanteak garatzen lanean dabiltzanentzat, inplantea hazten ari den gorputzera egokitu behar baita.
Vienako Unibertsitateko ikertzaile-talde batek erronkari eutsi eta umea hazi ahala neurri berrira egokitzen den belaun-inplantea garatu du. Inplanteak tumoreen ondorioz belauneko hezur-masa galdu dutenentzat balio du. 13 pazienterekin probatu dute eta emaitzak onak izan dira. Belauna tolestean inplantearen mekanismoa martxan jartzen da, mugimendu milimetrikoak eraginez (ikus irudia) eta inplantearen neurria aldatu egiten da. Inplantearen neurri-aldaketa hazkunde normala simulatzeko gai da ia ia.
Teknika honi esker, umeak jasan beharreko ebakuntza-kopurua murriztea -orain arte inplanteak eskuz luzatzen ziren eta ebakuntzak ezinbestekoak ziren- eta ebakuntzen ondorengo arazoak, hala nola belaunaren mugimendua muga ditzaketen orbainak eragoztea, lortu da.