Hautsa salatzaile

Haizeak eramanda Afrikako Ozeanoen hondoan jalki diren hautsak eta errauts bolkanikoak aztertuta, paleoklimatologoek kontinente horretan azken bost milioi urteetan klimak izandako aldaketak argitu dituzte. Ozeanoaren hondoko sedimentu geruzek eskainitako datu geologikoek, oso informazio zehatza eskaini dute klimak jasandako gora-beherez, datazioan egon daitekeen akatsa 10-20.000 urte bitartekoa delarik.

Orain arte zientzilariek, klimaren eboluzioak datu paleontologikoekin dituen loturak orain dela 3,5 eta 4 milioi urte-bitarteko denboraldirako baino ez dituzte ezarri. Horren ondorengo denboraldia da gure eboluzioari buruz interesgarriena, baina orain arte hipotesiak besterik ez dira egin. Orain ordea, gauzak argiago daude.

Haizeak eramanda Afrikako Ozeanoen hondoan jalki diren hautsak eta errauts bolkanikoak aztertuta, paleoklimatologoek kontinente horretan azken bost milioi urteetan klimak izandako aldaketak argitu dituzte.

Duela bospasei milioi urte, Miozenoaren amaieran, klima hoztu eta lehortu egin zen eta oihan tropikalen lekua sabanak hartu zuen Afrikan. Oihanaren atzerakada hartan, gutxienez arbolen adarretan bizi zen tximino-espezie batek han-hemenka zuhaitzak zituen sabanan bizitzen ikasi zuen. Australopiteko izeneko eta hominidoen arbaso hark bi hanken gainean ibiltzeko joera zuen.

Harez gero eta duela gutxi gora-behera hiru milioi urterarte, klima bero eta hezeak lehor eta hotzekin txandaka izan ziren. Ondorioz, zuhaitz-sabanak hurrenez hurren zabaldu eta murriztu egin ziren. Australopiteko batzuk isolatuta geratu ziren oihan-zonetan eta beste batzuek inguruetako belardiak okupatu zituzten. Azkenean, duela 2,8 milioi urte izandako hotzaldi handian bi hominido-adar nagusi sortu ziren.

Hurrengo milaka urte batzuetan, hominido-adar bat sabanako ibai-ertzetan landarejale bilakatu zen. Urtesasoi lehorrean, australopiteko “sendo” izeneko hauek haziak eta tuberkuluak jan behar izaten zituzten. Beste taldeko hominidoak arinagoak ziren eta habitat desberdinak kolonizatu zituzten. Era askotako elikagaiak jaten zituzten, haragia barne. Sistema horri esker, urteko edozein sasoitan eskura zezaketen janaria. Gero, elementu “adimentsuenak” eta garun indartsuenak hautespenez nagusitu ondoren, lehen Homo izenekoak agertu ziren.

Australopiteko “sendoak” suntsitu egin ziren duela milioi bat urte inguru, eta Homo erectus orduantxe hasi zen Afrika utzita mundu osoa konkistatzen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila