Eguzkiaren inguruan hautsezko eraztun bitxia dago. 1970. urtean behatu zen lehenengoz Pioneer 10 eta Pioneer 11 espazio-ontzien bidez. Saturnotik harantzago hedatzen da eta eguzki-sistema inguratzen du. Jatorria zein duen ez dago oso argi, baina etengabe berritzen dela ziurtzat jotzen da, bestela Eguzkiak aspaldi irentsi edo kanporatuko baitzuen. Orain, ESAko ikertzaileek iradoki dute eraztuna eguzki sistemaren mugetan dagoen Kuiperren gerrikoan sortzen dela.
Kuiperren gerrikoan ustez eguzki-sistema sortu zen garaiko hondakinak daude, eta bertako objektuen artean gertatzen diren talketan askatzen den hautsak elikatuko luke eraztuna. Ordenagailu bidezko simulazioen bidez kalkulatu da segundoko 50 tona hauts sortzen direla, eraztuna mantentzeko adina hauts, alegia. Eraztunak argi infragorria igortzen du eta urrunetik beha daiteke.
Gainera, eguzki-sistemako planeta erraldoien grabitate-eremuaren eta eraztunaren artean sortzen diren erresonantziak tarteko, eraztunak hutsune eta ertz bereizgarriak ditu. ESAko astronomoen ustez, ezaugarri horien bidez, izarren inguruan planetak dauden ala ez jakin ahalko da. Izan ere, 40 bat izarren inguruan eraztunak behatu dira dagoeneko.