Artritis erreumatoidearen sintomak arintzea eta gaixotasun kroniko horren agerpenik bortitzena moteltzea ez da jadanik ameskeri hutsa. Philadelphiako Jefferson Osasun Erakundeko ikerlari-talde batek iragarri duenez, emakumeek haurdunaldian zehar berez lortzen duten defentsa-mekanismoak laborategian berritzean datza aurkikuntza berriaren gakoa.
Izan ere, haurdunaldian zehar artritis erreumatoidearen sintomak era naturalez gutxiagotu egiten direla ikusi dute ikerlariek eta horren arrazoia fetuaren bilakaeran zehar ematen diren aldaketa hormonalean dagoela uste da.
Azterbide horren berri beste batzuetan ere kaleratu izan da. Seattle-ko Minbiziaren kontrolerako Ikerketa Zentruan 1993an iragarri zutenez, artritisak jotako emakumea haurdunaldian zehar “kutsatu gabeko” zelulak transmititzen dizkio fetuari eta ondorioz, gaixotasunari aurre egiteko bitartekoak ematen dizkio. Ba ote dago fenomeno horretaz baliatzerik?
Philadelphian baietzean daude eta, “kutsatu gabeko zelulak” erabiliz, txertoaren funtzioa beteko lukeen substantzia ekoiztu dute. Substantzia hori injektatu egiten da eta bost bat hilabete irauten du tratamenduak. Orain arte, 10 emakumerekin burutu da saio hori eta horietarik zortziren kasuan, artritis erreumatoidearen sintomak gutxiagotu egin ziren.