Hasiera batean uste zen baino ur gehiago

Zientziaren esparru guztietan ditugu denbora luze eta eztabaida eta gorabehera askoren ondoren egin diren aurkikuntza garrantzitsuen adibideak. J.D. Burke-k hain ondo kontatzen digun Ilargiko uraren aurkikuntzarena aurten ebatzi dela esan genezake. Proiektu sendo bat behar zen urtetan garapen minimoa izan duen Ilargiaren azterketari berrekin eta Clementine zundak iradokitako ondorioak baieztatu ala ezeztatzeko. Discovery saileko Lunar Prospector-ak lan bi horiek bete ditu.

Aipatu dudan bigarren helburuari dagokionez, Burkeren artikuluak Lunar Prospector-aren arduradun-taldeak joan zen martxoan iragarritako lehenengo datuak biltzen ditu. Baina gaurkotasun handiko gaien inguruan datuen ondoz ondoko azterketak agudo azaldu ohi dira, eta kasu honetan ere hala gertatu da.Lunar Prospector misioko zientzialariek joan zen irailaren 3an argitara eman zutenez, Ilargiaren poloetan hasiera batean uste zen baino ur gehiago egon liteke.

Lunar Prospector espazio-ontzia Ilargiaren orbitan poliki biratzen, adar zabalduetan zientzi tresnak dituelarik.
NASA/AMES Research Center

Denera, ipar nahiz hego poloan dagoena kontuan hartuz, sei mila milioi tona inguru izotz egon liteke, martxoko prentsaurrekoan iragarri zena baino hogei bat aldiz gehiago. Izotz hori 40 cm-ko geruza (erregolito lehorra) baten azpian egongo litzateke eta iparburuan hegoburuan baino % 15 gehiago egon daitekeela uste da.

Lunar Prospector-arekin lortutako datuen analisiak ez du argitzen zein den izotzaren jatorria; baina probabilitate handiena duen hipotesia egiazkoa balitz, izotza Ilargira roritako kometek ekarria izango litzateke eta kasu horretan ur ia purua izango litzateke. Honen guztiaren alde hauxe esan daiteke: eman berri diren izotz-kantitatearen zenbatespenak bateragarriak direla kometek Ilargiari egindako izotz-ekarpena eta bertan iraun ahal izan duen izotz-kantitatea kalkulatzen duten azken ereduekin. Izan ere, eredu horiek aurresaten duten kantitatea ustez aurkitu dena baino bat edo bi magnitude handiagoa da.

Beste azken ohar bat baino ez. Izotzaren existentzia ez da azalpen bakarra Lunar Prospector-ak igorri dizkigun datuentzat. Dirudienez beste azalpenak gero eta indar gutxiagorekin agertzen dira, baina oraindik inor ez da ausartzen erabat baztertzen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila