20ko eta 30eko hamarkadetan oso ezaguna egin zen Jim Corbett ehiztariaren esaldia: ohiko harrapakinentzat arriskutsuak ez diren lehoiak dira gizakiarentzat arriskutsuenak. Eta badirudi arrazoirik ez zitzaiola falta. 1898. urtean bi lehoi erraldoik (ia 3 metrokoak ziren) Kenyan trenbidea eraikitzen ari ziren130 langile erail zituzten. Lehoiak ehizatu egin zituzten eta euren garezurrak Chicagoko Natur Zientzietako museoan gordeta daude. Bruce Patterson zoologoak bi garezurrak aztertu ditu eta lehoietako batek letagin bat apurtuta zuela eta letaginaren oinarrian zorne-zorro ikaragarria zuela behatu du. Lehoiek letaginak harrapakinen lepoak zulatzeko eta horien bizkarrezurra txikitzeko erabiltzen dituzte. Ikertutako lehoiak, ordea, ezin zuen zauritutako letagina bufalo eta zebrak ehizatzeko erabili eta, Bruce Pattersonek dioenez, horregatik bilatu zituen gizakiak: gizakiak motelagoak, bigunagoak eta euren burua babesteko gaitasun gutxiagokoak zirelako. Bigarren lehoiak, berriz, ez zuen inolako ezintasun fisikorik. Zergatik ehizatu zituen, beraz, gizakiak honek ere? Patterson-ek dioenez, beste mugaren bat izango zuen edo lehoi ezindu oldarkorrari jarraituz ari zitzaion.