Desertuetako duna erraldoiak zein neurritaraino haz daitezkeen aztertu dute Parisko Ingurune Heterogeneoen Fisikaren eta Mekanikaren Laborategiko ikertzaileek. Lurretik hainbat kilometrora dagoen atmosferako geruza fin batek ezartzen omen du muga hori.
Hareazko duna erraldoiek zenbait metrotako nahiz kilometrotako zabalera izan dezakete. Duna txikiagoak ere badira desertuetan, eta horiek elkartzean sortzen dira, maiz, duna erraldoiak. Dena den, orain arte ez zekiten zein neurritaraino haz daitezkeen.
Sateliteetako eta aireko argazkiak aztertu dituzte, batez ere Afrikako, Hego Amerikako eta Txinako duna erraldoien batez besteko zabalera neurtzeko. Halaber, eremu bakoitzeko tenperatura-neurketak erabili dituzte, mugako aire-geruzaren altuera neurtzeko. Geruza horrek lurzoruko aire zurrunbilotsua eta atmosferako airea, egonkorragoa, bereizten ditu. Ikertzaileek ikusi dute dunaren zabalera aire-geruza horren araberakoa dela, alegia, geruza horrek mugatzen duela duna erraldoien hazkuntza.